Alokairuren baldintza orokorrak
Tximela S.A.-ren makinak alokatzeko zerbitzuari buruzko baldintzak
HERRI LAN, ERAIKUNTZA ETA INDUSTRIAKO ENPRESA MATERIALA ALOKATZEKO LANBIDEEN ARTEKO BALDINTZA OROKORRAK.
1. ARTIKULUA: OROKORTASUNAK.
1-1: Enpresa materiala alokatzeko lanbide arteko baldintza orokorrak alokairuaren alorrean ari diren erabiltzaile eta profesionalak biltzen dituen batzorde espezializatu batek egin ditu.
Baldintza orokor hauek hitzarmen balioa izan dezaten, berariaz adierazi beharko dira errentariak izapidetutako eskariaren azalpenetan, kontratuan edo entregako albaranean. Dokumentu hauek gutxienez honakoa zehaztu beharko dute:
- Errentariaren eta errentatzailearen datu guztiak.
- Errentan utzitako materiala eta bere identifikazioa.
- Errentan utzitako materiala non erabiliko den.
- Materiala gutxi gorabehera zenbat denborarako alokatuko den.
Gainera, honakoa ere adierazi dezake:
- Entrega baldintzak.
- Erabilera baldintzak.
- Garraio baldintzak.
- Kontratua izenpetzen den unean eta alokairuaren iraupenaren arabera indarrean dauden tarifak.
1-2: Baldintza orokor hauek marko bat baino ez dira eta beraien helburua ez da egoera guztiak jaso eta arautzea. Kontratuaren aldeek beren arazo bereziak xedapen partikular batzuetan jasoko dituzte, eta hala egitekotan, letra etzanaz datozen baldintza orokorrak indargabetuta geldituko dira.
1-3: Errentaria.
1-3-1 Akordio honen berme gisa, errentariak honako dokumentuak aurkeztuko dizkio errentatzaileari:
- Nortasun agiri bat.
- Bizilekuaren egiaztagiri bat. (argiaren ordainagiria edo telefonoaren ordainagiria, duela gutxikoak)
1-3-2: Errentaria alokairu enpresan kontu bat duen enpresa, partikularra edo kolektiboa bada, kontratua izenpetzen duenak bere nortasuna justifikatu beharko du. Alokairu kontratuak errentaria egiten du erantzule, kontratua sinatzen duena edozein izanda ere. Faktura beti bi aletan egingo da enpresa kontratatzailearen izenean. Bezeroaren eskariz, kontratuaren ale bat fakturarekin batera joan daiteke, fakturaren bi ale egin badira.
Kreditu kontu bat eskuratu ahal izateko, IFK edo NAN agirien fotokopia eta bankuko kontua identifikatzeko atestatua aurkeztuko dira kontua irekitzeko eskaerarekin batera.
1-4: Baldintza batek ere ezin izango ditu alokairuko baldintza orokorrak eta bereziak indargabetu, kontratuan adierazita egonda ere ez.
Materiala alokatuta duten guztiek behar bezala egindako eta errentatzaileak izenpetutako alokairu kontratu bat izan beharko dute; bestela, materiala ostu edo lapurtu dutela ulertuko da eta jazarri ahal izango zaie.
2. ARTIKULUA: MATERIALA NON ERABILI.
2-1: Materiala adierazitako obran edo mugatutako zonalde geografiko baten barruan baino ez da erabiliko. Materiala esandako obratik edo lekutik kanpo erabiliko balitz aurretik errentatzaileak horretarako berariaz baimenik eman gabe, horrek justifikatu ahal izango luke alokairu kontratua deuseztatzea, eta, hala gertatuz gero, errentariak 17. artikuluan adierazitako kalte ordaina ordaindu beharko luke behin-behinekoz.
2-2: Alokairu kontratua indarrean dagoen bitartean, errentatzaileak edo bere enplegatuek baimena izango dute obran sartzeko. Errentatzailea edo bere enplegatuak obraren arduradunaren aurrean aurkeztu beharko dira eta barruko araudia eta obrako segurtasun gomendioak errespetatu beharko dituzte.
Dena dela, errentatzailearen menpe eta haren ardurapean egongo dira.
2-3: Obran sartzeko baimen berezirik beharko balitz, errentariak baimen horiek eskuratu beharko lituzke errentatzailearentzat edo haren enplegatuentzat.
3. ARTIKULUA: MATERIALA ENTREGATZEA.
3-1: Entregatzeko baldintzak.
3-1-1: Materiala, bere osagarri guztiak eta materiala ohi bezala erabiltzeko behar den guztia, egoera onean, garbi eta koipeztatuta entregatuko zaizkio errentariari, eta, beharrezkoa bada, erregaiaren eta izotz kontrako likidoaren deposituak beteta ere bai. Hala badagokio, materiala bere dokumentazio teknikoarekin eta materiala erabiltzeko eta zaintzeko eskuliburuarekin batera entregatuko da, begiratu ditzaten. Dena dela, errentariak adierazi egingo du alokatutako materiala nola erabili eta nola zaindu ezartzen duten arauak ezagutzen dituela.
Era berean, legezko arau guztiak bete beharko ditu, besteak beste Laneko Segurtasuna eta Higieneari buruzkoak, Fiskalitateari buruzkoak eta Zirkulazio Kodeari buruzkoak, kasuan kasu.
3-1-2: Errentariak materiala hartzen duen unean materialaren zaintza juridikoa ere hartuko du bere gain, eta materialaren arduradun oso bihurtuko da Kode Zibilaren 1554tik 1594ra bitarteko artikuluen ondorioz.
Kontratua materiala hartu aurretik izenpetu beharko da.
3-1-3: Beharrezkoa balitz, materiala entregatzen denean, errentatzaileak materiala erabiltzeko moduan erakusten duten egiaztagiriak edota materialari egindako ikuskapenen txostenak aurkeztuko ditu, 8. artikuluan xedatutakoa gorabehera.
Errentatzaileak agiri horiek arauek ezartzen duten unean aurkezterik izango ez balu, errentariak entregatutako materiala ez onartzeko edo baztertzeko eskubidea izango du. Kasu horretan errentariak materiala onartuko ez balu, alokairu kontratua indargabetuta geldituko litzateke.
3-2: Entrega data.
Alokairu kontratuak materiala entregatzeko edo kentzeko data bat aurreikus dezake, alde biek hala nahi badute. Materiala entregatu edo jaso behar duen aldeak , entregatzeko edo jasotzeko eguna heldu baino lehen jakinarazi beharko dio beste aldeari, eta jakinarazi ere behar beste aurrerapenaz jakinaraziko dio. Adostutako data errespetatuko ez balitz, bete ez duen aldearen erantzukizuna izango da. Erantzukizun hori baldintza berezietan definituta dago.
Errentariak material erreserba bat baliogabetuko balu errentatzaileari jakinarazi beharko lioke idatziz, askoz jota entregarako adostutako data baino 24 ordu lehenago. Osterantzean, egun bateko alokairuari dagokiona fakturako zitzaion errentariari.
Materiala entregatu edo jaso errentatzailearen erantzukizunpean egiten bada, errentatzaileak adostutako data errespetatzeko konpromisoa hartu beharko du.
3-3: Errentan utzitako materialaren egoera egiaztatzeko akta edo agiria.
3-3-1: Materiala errentan emateko edo uzteko, entrega albaran bat edo alokairu kontratu bat izenpetu beharko dute errentatzaileak eta errentariak. Aldeetako baten eskariz, eta kasua balitz, alokatutako materialaren egoera egiaztatzeko agiri bat idatziko da material entregatu edo erabiltzen hasten den unean. Agiri horretan materiala ohiko prestazioetarako erabiltzeko moduan ez dagoela agertuko balitz, materiala ez entregatutzat joko litzateke.
Agiri hau egon ezean, materiala ondo dagoela ulertuko da, bai eta dagozkion jarraibideak dituela eta normal erabiltzeko behar diren segurtasuneko legezko arauak betetzen dituela ere.
3-3-2: Alokatutako materiala erabili ahal izateko, aurretik muntatu edota instalatu egin behar da, aldeek horretarako baldintza bereziak jasoko dituzte kontratuan, eta alde bakoitza lan horietan dituen eskubideak eta betebeharrak arautuko dituzte.
4. ARTIKULUA: ALOKAIRUAREN IRAUPENA.
4-1: Errentariak alokatutako material guztia errentatzailearen biltegian edo aurreko errentariak material hori zuen lekuan jasotzen duen egunean hasiko da zenbatzen alokairuaren iraupena. Data hori entrega albaranean edo alokairu kontratuan finkatuko da.
Alokatutako material guztia errentatzailearen biltegira 12. artikuluan esaten den moduan itzultzen denean edo errentatzaileak berak esandako lekuan entregatzen denean bukatuko da alokairua.
4-2: Alokairuaren aurreikusitako iraupena adierazteko edozein denbora unitate erabili ahal izango da. Iraupen horretan edozein aldaketa egiteko, alde biek beste kontratu bat egin beharko dute.
Alokairuaren iraupena zehaztugabea ere izan daiteke. Kasu horretan, materiala itzuli edo jaso aurretik egin beharreko jakinarazpenak baldintza partikularretan zehaztuta datoz (Ikusi 12-6 artikulua).
5. ARTIKUKLUA: MATERIALA ERABILTZEKO BALDINTZAK.
5-1: Materialari emango zaion erabilera.
5-1-1: Errentariak alokatutako materialaren erabilera baldintzei buruzko informazioa eman beharko dio errentatzaileari. Materialaren “ohiko” erabilera deitutakoa, errentatzaileak errentariak aurkeztutako eskarirako gomendatutako erabilera da. Errentariak materialari ezarritakoaz bestelako edozein erabilera eman nahi izango balio, jakinarazi egin beharko luke eta baldintza partikularretan adierazi. Alde biek onartu beharko dituzte adierazitako erabilera horiek. Errentariak adierazpenean esandakoarekin bat ez datorren erabileraren ondorioz sortutako edozein kalterengatik erantzungo du.
Makinak errentariaren menpeko langileek erabiliko dituztenez, makinak gaizki erabiltzeagatik gertatzen diren matxurak, makinari berari eragindako kalteak eta galerak eta materiala gaizki erabiltzeagatik edo makina erabiltzen duenaren arduragabekeriagatik hirugarrenei eragindako kalteak, errentariaren erantzukizunpean egongo dira.
Era berean, errentaria materialaren erabileraz arduratuko da, besteak beste honi dagokionean:
- Lurzoruaren eta azpilurzoruaren izaera.
- Jabego publikoa arautzen dituzten arauen errespetua.
- Ingurumenaren kutsadurari buruzko arauen errespetua.
5-1-2: Errentariak materiala kualifikatuta dauden eta beharrezko baimenak dituzten pertsonen eskuetan utzi beharko du. Horretaz aparte, materiala kontu handiz zainduko du eta beti funtzionatzeko egoera onean edukiko du eta laneko segurtasun eta higiene arauak errespetatuko ditu berau erabiltzerakoan.
Kontuan izanik alokairua errentariaren pertsona fisikoarekin adosten dela, honek guztiz debekatuta dauka materiala berriz alokatzea edota mailegatzea, errentatzaileak berariaz ados dagoela adierazi ezean.
5-1-3: Errentariak esandako erabilerarekin edo alokatutako materialaren ohiko erabilerarekin bat ez datozen erabilerak direla eta, errentatzaileak eskubidea izango du alokairu kontratua deuseztatzeko eta materiala 17. artikuluaren xedatutakoaren arabera itzultzeko exijitzeko.
5-2: Materiala zenbat denboran erabiliko den.
Errentan hartutako materiala obra bateko lanaldiaren barruan nahi beste denbora erabili ahal izango da, eta askoz jota 8 ordu izango direla uste da, baldintza partikularretan zehaztapen berezirik ezarri ezean.
Denbora hori baino gehiago erabiltzeko, errentariak jakinarazi egin beharko du nahitaez eta ezarritako prezioaren proportzionala den gainkargua ordaindu beharko du. Halere, egindako denbora ezarritakoa baino gutxiago bada, ez da inolaz ere ezarritako preziotik ezer kenduko.
Xedapen hau horometroa duten makinetarako da, alde biek makina horiek froga moduan erabiltzea erabaki dutenean. Izan ere, Alokairu Kontratua bukatzen denean makina horietan erregistratutako ordu kopurua adostutako ordu kopurutik gorakoa bada, gehiegizko ordu horiek erregularizatu egingo dira.
Makinek horometrorik ez badute edo horometroa matxuratuta badute, errentariak kasuan kasu egoki iritzitako bitartekoak erabili ahal izango ditu materiala erabiltzeko ezarritako denboran erabiltzen ari dela kontrolatzeko, kontuan izanda beti 2-2 artikuluan ezarritakoa errespetatu beharko duela.
Aurretik esandakoa ez da zati mekanikoak ez dituen materialerako (esaterako eraikuntza mugigarriak, obretako txabolak, etab.)
5-3: Alokatutako materiala arratsaldeko 20:00etatik hurrengo eguneko 8:00ak arte erabiltzen bada, edo larunbat, igande eta jaiegunetan erabiltzen bada, errentatzaileak ez dauka zertan eduki makinak zaintzeko pertsonak.
6. ARTIKULUA: GARRAIOAK.
6-1: Alokatutako materialaren garraio gastuak, bai materiala eramateko bai itzultzeko, beti errentariaren kontura dira. Errentariak materiala errentatzaileak berak edo errentatzaileak aukeratutako hirugarren batek garraiatzeko eskatzen badu, zerbitzu horren kostua errentariari fakturatuko zaio baldintza partikularretan ezarriko den tarifa baten arabera.
6-2: Materiala obra lekura heltzean eta alokairuaren bukaeran obra lekutik ateratzeko egin beharreko zamaketa lanak ere errentariaren kontura izango dira.
6-3: Materiala errentariak berak edo errentariak aukeratutako hirugarren batek garraiatzen duenean, errentaria izango da garraioaren erantzulea, baina materiala errentatzaileak edo berak aukeratutako hirugarren batek garraiatzen badu, orduan, errentatzailea izango da garraioaren erantzulea. Materiala jaso aurretik, errentariak justifikatu beharko du materialak izan ditzakeen kalteak eta materialak eragin ditzakeenak estaliko dizkion aseguru bat duela.
6-4: Garraiolaria hirugarren bat bada, garraioa egiten duen aldea izango da garraioagatik erantzungo duena.
Hortaz, alde horri dagokio, garraioa egin aurretik, garraiolariak arrisku guztiak, bai materialak izandako kalteak bai materialak berak eragindakoak, ondo estaliko dituen aseguru bat duela egiaztatzea, eta, hala ez bada, materiala seguru egon dadin beharrezko neurriak hartzea.
6-5: Dena dela, materiala jasotzen den unean materialak kalteak dituela ikusten bada, materiala jasotzen duenak dagozkion lege erreserbak adierazi eta beste aldeari jakinarazi beharko dio lehenbailehen beharrezko kautela neurriak hartu ahal izateko eta aseguruko deklarazioak egiteko.
Errentaria edo bere ordezkaria obran ez badago, ezin izango da materiala obran utzi eta hartu den tokira bueltatuko da. Ksau horretan, garraio gastuak eta mantenukoak errentariaren kontura izango dira.
7. ARTIKULUA. INSTALAZIOA - MUNTAKETA ETA DESMUNTAKETA.
7-1: Materiala instalatu, muntatu eta desmuntatu (eragiketa horiek egitea beharrezkoa denean), errentariak egingo du, eta bera izango da eragiketa horien erantzule osoa.
Errentariak errentatzaileari ordezkatzeko eskatu ahal izango dio. Kasu horretan, eragiketa horiek errentatzailearen erantzukizun osoaren pean egingo dira. Gauzatzeko baldintzak (epea, prezioa, etab) baldintza partikularretan finkatuta geldituko dira.
Errentatzailearen langileek dagokiena baino ez dute egingo eta ezin izango da inoiz haiek egindakoa erabili errentariaren erantzukizunak murrizteko, batez ere segurtasunarekin lotutako erantzukizunak murrizteko.
Errentariak dagozkion neurriak hartuko ditu legeak ezarritako segurtasun arauak edo eraikitzaileek ezarritakoak aplikatzeko.
Multzo elektrogenoen segurtasunerako, errentariak honakoa egin beharko du:
- Multzoa lurrarekin konektatu.
- Materiala lehenengo aldiz erabili aurretik, diferentzialaren disjuntore bat aurreikusi, soinu batez abisatzen duena eta argindarra automatikoki eteten duena, Industria Ministerioak langileak korronte elektrikoetatik babesteko ezarritako lege xedapenak errespetatzeko.
- Material elektrikoaren (multzo elektrogenoak eta antzekoak) konexioa eta lurrarekiko konexioak bezeroak egingo ditu bere erantzukizunpean, muntaketa edo instalazioa errentatzaileak agindutakoa izan bada ere.
Eraikin mugigarriak instalatzeko eta muntatzeko, errentariak eraikin horiei agian altxagarriak jarri beharko zaizkiela aurreikusi beharko du, bai eta horretarako lurrak prestatuta izan beharko dituela ere, batez ere dranaietarako.
7-2: Materiala instalatu, muntatu eta desmuntatu egin behar bada ere, alokairuaren iraupena ez da aldatuko; 4. artikuluan zehazten den moduan geldituko da.
8. ARTIKULUA: MATERIALA MANTENTZEA.
8-1: Errentariak egunero makinen likidoen mailak (olioa, ura eta beste fluido batzuk) begiratuko ditu eta ondo daudela egiaztatuko du, eta horretarako errentatzaileak emandako edo gomendatutako produktuak erabiliko ditu, nahasketarik ez egiteko edo gaizki egiteko arriskurik egon ez dadin. Errentaria izango da horren guztiaren erantzulea. Pneumatikoen presioa eta egoera kontrolatuko ditu, eta, beharrezkoa bada, konpondu ere konponduko ditu. Errentatzailearen gomendioei jarraituta, ohiko mantentze lanak eta prebentzio lanak, olioa aldatzea eta koipeztatzea hain zuzen ere, egiteko aginduko die dagokienei errentatzailearen establezimenduetan edo errentatzaileak izendatutako establezimenduetan, eragiketa horiek obran egiterik ez badago. Mantentze lanak errentariaren kontura badira, mantentze lanetan izandako akats batengatik egin beharreko konponketen gastuak errentariari dagozkio.
8-2: Alokatutako materiala edo egin beharreko lana dela eta, mantentze lan bereziren bat egin behar bada, mantentze lan horren alokairu kontratuaren baldintzak baldintza partikularretan agertuko beharko dira.
8-3: Errentatzailearen konturako materialaren mantentze lanetan, lubrifikazioa eta narriatzen diren ohiko piezak ordezkatzeko lanak sartzen dira, besteak beste.
Piezak ohikoa baino gehiago gastatzen direlako edo gaizki erabiltzeagatik, ezbehar batengatik, arduragabekeria batengatik, hirugarrenen ekintzengatik, naturaren fenomenoengatik edo ustekabeko gertaerengatik hautsi egin direlako, piezak konpondu eta makinak prest jarri beharko balira, gastu horiek errentariaren kontura izango lirateke.
Errentariak egunero, erabili ondoren, materiala garbitu beharko du, eta iragaizte zirkuituak kontrolatu eta bateriak behar bezala kargatu ere bai.
8-4: Erregaiaren eta izotz kontrako likidoaren deposituak betetzearen ardura errentariarena izango da; erregai eta izotz kontrako likido gutxi izateagatik makinari zerbait gertatuko balitzaio, horren kostua errentariaren kontura izango litzateke.
Guztiz debekatuta dago legez baimenduta ez dauden erregaiak erabiltzea, eta bereziki diesel eta gasolina motorretan erabiltzeko balio ez dutenak, hala nola berogailuetarako fuel-oila, bentzolak, etab. Erregai desegokiak erabiltzeagatik sortzen diren kalteak, matxurak eta isunak errentariaren kontura izango dira.
8-5: Errentariak errentatzaileari behar besteko denbora emango dio materialaren mantentze lanak egin ahal ditzan. Mantentze lan horiek noiz egin eta zenbat denboran egin, alde bien adostasunaz ezarriko da.
8-6: Baldintza partikularretan aurkakorik xedatu ezean, errentatzaileak materialaren mantentze lanak egiteko behar duen denbora alokairuaren iraupen osoan sartzen da 4. artikuluan zehazten den moduan.
9. ARTIKULUA: MATXUREN KONPONKETA.
9-1: Alokairua indarrean dagoen bitartean, materialak matxura bat eduki eta erabili ezin bada egin, errentariak hitz ematen du errentatzaileari berehala jakinaraziko diola, berak nahi duen eran, makina konpontzen hasteko. Makina konpontzen ari diren bitartean, kontratua etenda geratuko da ordainketari dagokionez, baina indarrean jarraituko du gainontzeko betebeharrei dagokienez.
Edozein arrazoi dela eta, konponketa ezinezkoa bada, errentatzailea materiala aldatzera eta ezaugarri berdinak edo antzekoak dituen beste bat ematera behartuta dago, errentariari ezer gehiago kobratu gabe, beti ere matxura makinak berak duen narriaduragatik izan bada eta ez erabiltzailearen arduragabekeriagatik edo gaizki erabiltzeagatik. Errentatzaileak ezin izango du inolaz ere kalterik erreklamatu, ez eta galerarik edo irabazi gutxiago izan duela ere, hori matxura mekanikoagatik gertatu bada.
Materiala konpondu edo aldatu ezin denean, errentatzaileak alokairu kontratua deuseztatzea erabaki dezake, eta kasu horretan jarritako fidantza itzuliko dio errentariari eta ordura arteko sorrarazitako prezioa kobratu.
9-2: Matxurak kontratuan aurreikusitako alokairuaren iraupenaren %10 baino gehiago edo astebete natural bat irauten badu, errentariak kontratua deuseztatzeko eskubidea izango du, eta, hala egiten badu, materiala matxuratuta gelditu zen egunera arte sorrarazitako alokairuak baino ez ditu ordainduko, edozein motatako kalte eta galerak izan ezik.
Halere, alokairuaren iraupena gehienez astebetekoa bada, errentariak kontratua berehala deuseztatzeko eskubidea izango du materiala errentatzaileari matxuraren berri eman eta hurrengo lanegunean aldatzen ez bazaio (larunbatak, igandeak eta jaiegunak izan ezik).
9-3: Kontratua, materiala itzuli ondoren deuseztatuko da.
9-4: Konponketa guztiak errentatzailearen ekimenez egingo dira; errentariaren ekimenez egiten badira, beharrezkoa izango da errentatzailearen baimena izatea. Halere, konponketa beharrezkoa bada errentariaren akats batengatik , errentariak ezin izango du artikulu honetan aitortu zaizkion eskubideetako bat ere baliatu.
Horren ondorioz, alokairuak indarrean jarraituko du materiala konpondu arte.
10. ARTIKULUA: ERANTZUKIZUNAK - ASEGURUAK.
10-1: HIRUGARRENEI EGINDAKO KALTEAK. (ERANTZUKIZUN ZIBILA)
10-1-1: Industrian erabiltzen diren ibilgailu berezien kasuan, zirkulatzeko gai eta motordunak badira, matrikulatuta egon zein ez, Zirkulazioko Derrigorrezko Asegurua eduki behar badute, Motordun Ibilgailuen Zirkulaziorako Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Erregelamenduaren arabera (01.01.12ko 7/2001 ED), errentatzaileak, polizen titularra denak, errentariari ibilgailuen zaintza baimena (kontratua) emango dio, bai eta haien Zirkulazio Baimenaren eta Fitxa Teknikoaren fotokopiak ere. Horretaz aparte, Derrigorrezko Asegurua indarrean dagoela egiaztatzen duen agiria emango dio beti, dagokion Erakunde Publikoak behar bezala konpultsatuta.
Errentariak materiala bere ezaugarrien arabera ustiatu beharko du. Aseguruaren barruan erantzukizun zibila sartuta dauka; beraz, ibilgailua erabiltzen ari dela eta ibilgailuarekin zirkulaziorako egokiak diren hiriko zein hiri arteko bide publikoetatik edo pribatuetatik, garaje eta aparkalekuetatik eta zirkulaziorako ez diren arren denon erabilerarako diren bide edo lurretatik dabilela, hirugarren bati kalteak eta galerak eragiten badizkio, hari kalte ordainak ordaintzera behartuta egongo da.
Erantzukizun zibilaren estalduraren gehienezko eta gutxienezko zenbatekoak eta bestelako baldintzak esandako 7/2001 EDan eta arrisku horiek estaltzen dituzten poliza partikularretan finkatutakoak izango dira.
Errentariak hitz ematen du ibilgailuak ezbeharren bat izanez gero errentatzaileari jakinaraziko diola, ezbeharra gertatu eta ondorengo 48 orduetan, errentariak ezbeharra gertatu eta ondorengo 5 egunetan ezbeharraren gaineko ohiko adierazpena egin ahal dezan. Informazio hau gutun egiaztatuaren bidez jakinarazi beharko da, jaso izanaren agiriaz.
Adierazpena berandu egiten bada edo egiten ez bada, errentariak jarraituko du horren erantzule izaten.
Errentatzaileak motordun lurreko ibilgailuaren aseguruan zirkulazioaren erantzukizuna derrigorrez sartu behar badu ere, errentariak Enpresaren Ustiapenagatiko Erantzukizun Zibila izan beharko du aseguruan, makinak eta ibilgailuak errentariaren menpeko langileek manipulatzen dituztelako, bai eta haien erantzukizunpean gertatzen diren kalteetarako asegurua ere.
Errentariaren edo bazkideen ondasunetan eta haien enplegatuei, ezkontideei edo hirugarren ahaidetasun mailara arteko senitartekoei eragindako kalteak, ez dira errentatzaileak Motordun Ibilgailuen Zirkulazioagatik bermatutako Erantzukizun Zibilaren estalduraren barruan sartuko.
10-1-2: 10-1-1 artikuluan zehaztutakoez bestelako materialak badira, errentariak Enpresa Ustiapenarengatiko Erantzukizun Zibileko poliza bat kontratatu beharko du, alokatutako materialak eragin ditzakeen kalteetarako. Horren ondorioz, errentatzaileak ezin izango du inolaz ere istripu baten ondorioz edota alokatutako materiala gelditu edo matxuratu delako hirugarrenei eragin zaizkien kalte materialen eta ez materialen erantzuletzat hartu bere burua. Errentatzaileak, zuzenbidearen aplikaziotik datozen ondorio guztiekin, adierazten du alokatutako ekipamenduaren materialaren zaintza juridikoa eta materiala errentariaren esku uzten duela, kontratuak irauten duen bitartean eta garraioari buruzko klausulek (6. artikulua) diotenaren erreserbaren menpe.
Errentariak materiala kontratuan adierazitako helbururako baino ezin izango du erabili, eta ezin izango ditu indarrean dagoen legeriak eta alokatutako materialaren eraikitzaileak ezarritako segurtasun arauak hautsi; alokairu kontratuan adierazitakoez bestelako baldintzetan erabili ere ezin izango du materiala.
10-2: MATERIALARI ERAGINDAKO KALTEAK EDO ALOKATUTAKO MATERIALAREN LAPURRETAK:
Errentaria errentan hartu duen materialaren erabileraren erantzule izango da, bai eta material horrek izandako kalteena ere.
Erantzukizun hori hiru modutan estali dezake:
1. Errentatzaileak proposatu eta Baldintza Orokorretan ezarritako estaldurak onartuta. (ikusi 10-4 artikulua)
2. Aseguru Poliza bat kontratatuta. Kasu horretan, izenpetutako aseguru kontratuaren erreferentziak jakinarazi beharko dizkio errentatzaileari, idatziz eta Poliza gauzatzen den unean. Erreferentzia horien artean, aseguru konpainiak errentatzailea kalte ordainaren onuradun egiteko bere gain hartzen duela agertu beharko da.
3. Norbere aseguratzailea izanda, baina horretarako errentatzailearen onarpena izan beharko du.
Azken bi kasu hauetan, kalkulatzen da aseguratutako materialaren erreferentziazko balioa "material berriaren tarifaren prezioa" dela.
4. Errentatzaileak proposatutako estaldurak onartzen ez badira, eta alokatutako materialak kalteak izaten baditu, edo guztiz hondatzen bada edo lapurtzen badute, errentariak materiala prest jartzeagatiko gastua edo materialaren balioa errentatzaileari ordainduko dio lehenbailehen. Kostuaren balioa kalkulatzeko, errentatzaileak konponketa zerbitzuetarako indarrean duen tarifa hartuko da oinarritzat, materiala konpondu behar bada. Materiala guztiz hondatu bada edo lapurtu egin badute, berriz, kostuaren balioa material berria erosteko egun ordaindu beharko duguna izango da, urtean %10eko kenduta materialaren narriaduragatik, gehienezko deskontua %50ekoa izanik, eta, kasu horretan, errentariak bere Aseguru Konpainiaren aurka jo beharko du. Diru zenbateko hori ezin izango da 150 € baino txikiagoa izan, BEZ kanpo.
10-3: EZBEHARREN DEKLARAZIOA.
Ezbeharra edo beste edozein gorabehera gertatuz gero, errentariak honakoa agintzen du:
1. Errentatzailearen edo errentariaren Aseguru Konpainiaren interesak babesteko behar diren neurri guztiak hartuko dituela.
2. Errentatzaileari (edo kontratua ezarri duen agentziari) gertatutakoaren berri emango diola gutun egiaztatuaren bitartez eta ezbeharra edo gorabehera gertatu eta ondorengo 48 orduetan.
3. Pertsonei eragindako kalteak badira edo materiala lapurtu edo basakeriaz hondatu egin badute, dagokion agintari polizialari salaketa aitorpena luzatzeko eskatuko diola, non gertaeraren gorabeherak, data, ordua eta lekua eta kaltetutako materialaren ezaugarriak adieraziko baitira.
4. Ondorengo egunetan errentatzaileari luzatu diren agiri guztien JATORRIZKOAK bidaliko dizkiola (dagokion aginte polizialaren txostena, agente judizialaren atestatua, etab.)
5. Materiala lapurtu badute edo galdu egin bada, kontratua ezbeharraren aitorpena jaso eta hurrengo egunean amaituko da.
10-4: MATERIALARI ERAGINDAKO KALTEEN EDO ALOKATUTAKO MATERIALAREN LAPURRETEN ASEGURUA.
10-2 artikuluaren bat etorriz, errentatzaileak proposatzen du errentariari alokatutako materialak izango dituen kalteak bermatzea, bermatu ere honako baldintzetan:
1. ESTALDURAK.
Aseguru honek alokatutako materialari ohiko moduan erabilita eragindako kalteak estaltzen ditu.
Adibide gisa, honakoa dago aseguratuta:
- Materiala erori, irauli, zerbaiten aurka jo eta deskarrilatu (tuneletan izan ezik) ondoren edo asmo txarrez egindakoak, basakeri ekintzak, etab. direla eta, hautsi edo hondatzen den materiala, gorabehera horiek bat batean edo ezustean gertatzen badira.
- Gorputz arrotzak erori edo sartu ondoren gertatutako istripuak (lurrak behera egitea, haitzak jaustea, lurrak mugitzea).
- Uhoaldeak, ekaitzak eta katastrofea eragiten duten beste fenomeno natural batzuk, lurrikarak eta sumendietako erupzioak alde batera utzita.
- Argindarrean eragindako kalteak, zirkuitulaburrak, gaintentsioak.
- Ekipamenduen barruan zein kanpoan gertatzen diren suteak, tximistak, edozein motatako leherketak.
- Materialaren lapurreta (ebasketa izan ezik), errentariak oinarrizko babes neurriak hartu baditu: Kateak, lapurreta aurkako sistemak, giltzarrapoak, blokeatzeko takoak, barrak edo babesteko eta zaintzeko beste edozein bitarteko, ezbeharra gertatu eta ondorengo 24 orduetan poliziari gertatutakoaren berri eman bazaio.
Materiala erabiltzeko ohiko ordutegitik kanpo, errentariak lehen esandako gertaerak aseguratuta dauzka, honako baldintza hauetan:
- Materiala toki itxi batean egon beharko da.
- Giltzak eta dokumentuak ez dira materialaren ondoan egongo.
- Materiala giltzapean dago.
- Lurralde eremua: Europako eremu ekonomiko osoan eta Berme Hitzarmen Multilateralari atxikitako estatuen eremuan.
2. ASEGURUTIK KANPO DAUDENAK.
- Modu jakin batean ardura gabez aritzeagatik edo nahita ardura gabe jokatzearen ondorioz sortutako kalteak.
- Materiala bakarrik utzi delako eta babesik gabe gelditu delako galdu egiten bada edo ebatsi egiten badute.
- Zulatutako pneumatikoak, desmuntatu daitezkeen zatiak, bateriak, kristalak, argiak, dokumentuak gordetzeko kutxa, etab.
- Pinturaz, igeltsuz, hormigoiez, asfaltoz, eta beste edozein produkturekin zikinduta itzultzen diren materialak.
Errentatzaileak hirugarren erantzule baten aurka edo bere aseguru konpainiaren aurka jotzeko eskubidea dauka.
3. TARIFAK.
Tarifak:
- Alokairuren tarifa gordinaren %4-koa.
4. ESTALDURAREN MUGAK.
- Makinen kalteen edo makinen lapurreten aurkako aseguruak gehienez 150.000 euroko kalteak edo lapurretak estaliko ditu ezbehar bakoitzeko.
- Aseguru hau emateko, errentariak frankizia gisa ordaindu behar duena kenduko da. Frankizia, kalteen zenbatekoaren %15 izango da eta gutxienez 150 euro, BEZa kanpo.
Materiala guztiz hondatuta gelditzen bada edo lapurtu egiten badute, errentariak material berriaren balioaren %15 hartuko du bere gain (material berriaren egungo tarifaren prezioa), eta gutxienez 150 euroko zenbatekoa, BEZa kanpo. (ikusi 10.2 artikulua, 4. atala)
5. BALIOA.
Estaldura hauek errentariari aplikatuko zaizkio, bakarrik ezbeharra gertatzen den egunean alokairua osorik ordainduta badauka eta errentatzaileari gertatutakoaren berri ezbeharra gertatu eta ondorengo 48 orduetan ematen badio, 10-3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
11. ARTIKULUA: PROBAK ETA IKUSKAPENAK.
11-1: Indarrean dagoen legeriak alokatutako materiala probatzeko edo ikuskatzeko eskatzen duen guztietan, errentariak materiala kontrolaz arduratzen den organismoaren edo errentatzailearen esku jarri beharko du.
11-2: Arauek ezartzen dutenaren arabera aldian-aldian egin beharko diren ikuskapenen kostuak errentariaren kontura izango dira.
11-3: Aldian-aldian egin beharrezko arauzko ikuskapen batean zehar materiala egokia ez dela ikusten bada, materiala matxuratuta dagoenean egin behar den gauza bera egingo da (ikusi 9. artikulua).
11-4: Probak edota ikuskapenak egiteko behar den denbora alokairuaren iraupenaren barruan sartzen da, eta gehienez eguneko lan jardunaren erdia izan daiteke.
12. ARTIKULUA: MATERIALA ITZULTZEA.
12-1: Alde bien adostasunaz denbora batez luzatutako alokairu kontratua amaitzen denean, errentariak materiala itzuli beharko du, garbi eta egoera onean, kontuan izanda erabiltzearen ondorioz ohikoa den narriadura, eta, beharrezkoa balitz, depositua beteta. Osterantzean, konponketen gastuak eta erregaiaren depositua betetzeko egindako gastua errentariari fakturatuko zaizkio.
12-2: Alde biek aurkako erabaki ezean, materiala errentatzailearen biltegira itzuliko da, biltegia zabalik dagoen orduetan.
Aurretik idatziz erabaki berezirik hartu ezean, materiala astelehenetik ostiralera itzuliko da, 18:00ak baino lehen.
12-3: Alokairu kontratuan alokatutako materiala errentatzaileak berak jaso beharko duela adierazten badu, behin materiala jasotzeko moduan dagoenean errentatzaileari idatziz jakinaraziko zaio, eskutitz, fax, telex edo idatziz jakinarazteko beste edozein bideren bitartez.
12-4: Errentatzaileak materiala berreskuratu duela egiaztatzeko albaran edo kontratu bat egiten du. Bertan honakoa adieraziko da:
- Materiala noiz (eguna eta ordua) itzuli den.
- Itzulitako materialean ikusitako akatsak.
Berreskurapenaren albaranarekin edo kontratuarekin errentariak materialaren zaintza juridikoaren ardura izateari uzten dio. Materiala itzultzeko garraioa errentatzailearen erantzukizunpean egiten denean (6. artikulua), errentatzaileak materiala hartzen duenean bukatzen zaio errentariari materialaren zaintza juridikoaren ardura.
12-5: Ikusitako akatsen gainean adiskidetasunezko adostasunik egon ezean, akatsak idatziz jaso beharko dira albaranean. Kasu horretan, alde bien adostasunaz pertsona bat izendatuko da arbitraje lanak egiteko. Pertsona hori izendatzerik ez badago, errentatzaileak epaile aginpidedunak izendatutako aditu batengana jo dezake edo, bestela, agente judizial batengana.
12-6: Materiala errentatzaileak berreskuratzen badu, errentariak kontratua errespetatzera behartuta egoten jarraituko du materiala itzuli arte.
Kasu horretan, errentatzailearekin batera materiala nola berreskuratu planifikatu beharko da eta idatziz baieztatu gutxienez 24 orduko aurrerapenaz, zein ordutan eta zein lekutan izango den zehaztuta.
Materiala errentatzaileak berreskuratzen badu, errentatzaileak izenpetutako berreskurapenaren albarana edo kontratua entregatzen denean bukatukoa da errentatzailearen esku utzitako zaintza juridikoa.
12-7: Material zati bat itzultzen ez bada, itzultzeko errekerimendu egingo zaio errentariari eta horretarako epe bat emango zaio, eta errekerimenduan ezarritako epea igaro ondoren, material berriaren balioa fakturatuko zaio falta den materialaren erantzuleari, itzuli gabe utzi zen datan indarrean zegoen tarifaren arabera.
13. ARTIKULUA: ALOKAIRUAREN PREZIOA.
13-1: Errentatzaileak alokairua egiten denean indarrean dauden prezioen tarifa emango dio errentariari, Alokairu Kontratuaren zati bat izango baita. Prezioak ezin izango dira aldatu materiala itzuli eta kontratua amaitzen denera arte.
13-2: 5. artikuluaren 5-2 atalean jasotako erabileraren iraupena alde batera utzita, prezioa denbora unitateko finkatuko da oro har. Hasita dagoen denbora unitate onartu egingo da, lanaldi baten barruan sartzen bada
Hauek dira ohiko denbora unitateak:
- Lanegun bat edo egun natural bat.
- Astebete bat.
- Hilabete bat.
13-3: Xedapen partikularrak egon ezean, alokairua egunekoa dela ulertzen da.
Materiala gutxienez egun baterako alokatzen da. Alokairua aste baterako bada, lanegunetan kalkulatzen da (astelehenetik ostiralera). Errentariak materiala larunbat, igande edo jaiegun batean erabili nahi badu, aurretik errentatzaileari jakinarazi beharko dio idatziz, tarifa egun naturaletan adierazita daukan materialaren kasuan izan ezik. Hasitako denbora tarte guztiak kontabilizatzen dira. Errentatzailearen biltegian goizeko 8:00ak baino lehen entregatutako materialaren kasuan, alokairu kontratua bezperako egunean bukatzen da.
13-4: Materiala kargatu, garraiatu, deskargatu eta ikuskatu, bai obrara eramateko bai obratik ekartzeko, eta, kasuan kasu, muntatzeko eta desmuntatzeko egin beharreko gastuak, errentariaren kontura izango dira. Alokairu kontratuan adierazitako prezioan kargatuko dira, haien kostuaren arabera, eta errentatzaileak aurkeztu beharko dituen egiaztagiriak kontuan izanda. Errentariak ez du bere gain hartuko errentatzaileak beste toki batera eramateko eskatzen badu eta horren ondorioz materiala garraiatzeko egin beharko duen aparteko gastua.
13-5: Une jakin batean errentariak teknikarien zerbitzuak erabiltzen baditu (muntatzaile bat, adibidez), zerbitzu horiek errentariaren kontura izango dira, teknikariak errentatzailearen enplegatuak izan edo ez. Teknikarien zerbitzuen prezioa, bai eta haien joan-etorrien gastuak, alde bien adostasunaz finkatuko dira.
13-6: Materialaren egoera dela eta, peritu batek txostena egin behar badu, txostenaren gastuak salaketa egin duenak ordainduko ditu aldez aurretik, baina, azkenean, egoeraren erantzule izan denak ordaindu beharko ditu.
13-7: Alokairu kontratuaren aurreikusitako indarraldia bukatuta, alokairua luzatzea erabakitzen bada, alde biek alokairuaren prezioa berriro negoziatu ahal izango dute.
13-8: Alokairu, garraio eta beste gastu batzuen tarifak, urtero aldatu ahal izango dira aurretik abisatu beharrik gabe.
13-9: Elementu osagarrien eta hornigaien salmenta.
Errentariak alokatutako materiala erabiltzeko behar izan dituen osagarriak eta hornigaiak saldu ditzake.
Artikulu horiek bermatuta daude fabrikazioko edozein akatsaren aurka. Bermeak indar gabe geldituko da materiala modu okerrean erabili edo zaindu egin bada. Akatsa duten piezak aldatzeko baino ez du balio, eta edozein arrazoi dela eta gertatzen diren kalte eta galerak kanpoan gelditzen dira.
Jabegoaren erreserbaren gaineko klausula prezio osoa ordaindu arte aplikatuko da, Legeak ezartzen duenaren arabera, hala erabakita egongo baita da berariaz.
14. ARTIKULUA: ORDAINKETAK.
14-1: Alokairua ordaintzeko baldintzak errentari bakoitzaren baldintza partikularretan aurreikusten dira. Kontratuak ez badu horren gainean ezer esaten, dena ordaindu beharko da, deskonturik gabe, eta eskura ordainduko da.
Ekura ordaintzen ez bada, faktura egin denetik gehienez 60 egunetara ordaindu beharko da, Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legean ezarritakoaren arabera, alde bien artean beste zerbait hitzartzen ez bada. Ordainketarako hitzartutako edozein epe betetzen ez bada, jaso izanaren agiria duen gutun egiaztatu bat bidaliko zaio errentariari ordaintzeko errekerimendu gisa, eta gutun hori bidali denetik 8 egunetara materiala itzuli beharko du. Materiala itzultzeko egin beharreko gastuak, aurreko artikuluetan definituta datozenak, errentariaren kontura izango dira.
Alokairu kontratua izenpetzen den unean, alokairuak gutxi gorabehera iraungo duen denboraren arabera kalkulatutako zenbatekoa kontura ordaintzeko eskatuko zaio errentariari.
Errentariak alokairua ezarritako epean ordaintzen ez badu, edo alokairu ordaintzeko igorritako letrak onartu edo ordaintzen ez baditu, edo materiala finkatutako egunean itzultzen ez badu, errentatzaileari zor dizkion zenbateko guztiak berehala eskagarri bihurtuko lirateke; adostutako baldintza partikular guztiak baliogabe geldituko lirateke zuzenbide osoz, jarduera geldituko ez balitz ere.
14-2: Zigor klausula: Ohiko berandutzako interesez gain, (Espainiako Bankuak finkatutako legezko interesa), ordainketa errekerimendua bidali eta zortzi egunetara, eskagarri bihurtutako kreditu guztiak, adostutako epean ordaintzen ez badira, 50 euroko igoera izango dute oroharreko prezioan edo baldintza partikularretan ezarritako ehunekoa gehituko zaie.
Ordaintzeke dauden fakturei berandutzako interesak gehitu ahal izango zaizkie %1eko hileko tasatik deskontatuta.
Zigor klausularen ondorioz, errentariak beretzat gordetzen du zor den zenbatekoari %15eko kalte ordaina gehitzeko eskubidea,eta gutxienez 50 euro espedientea Auzien Salan aurkezteagatik, epaiketagatik beste edozein kostu gehitu ahal izango delarik.
15. ARTIKULUA: EGURALDI TXARREI BURUZKO KLAUSULAK.
15-1: Behar bezala egiaztatutako eguraldi txarra dela eta, alokatutako materiala erabili ezin izango balitz, errentatzailearen eta errentariaren betebeharrak erabat betearazleak izango lirateke gutxienez alokairuko 3 eguneko epean.
4. egunetik aurrera, eta kontrakorik ezarri ezean, materiala alokatu egingo litzateke murriztutako tasa batekin, materialaren ibilgetzearen kargari dagokion tasa batekin alegia. Tasa hori baldintza partikuletan egongo da ezarrita.
Eguraldi txarra egiten duen eguneko 10:00ak baino lehen fax bat bidaltzea baino ez du beharko errentariak, klausula honek dioenaz baliatu ahal izateko.
4. egunetik aurrera, %50eko murrizpena aplikatuko da, obrako txabola, garabi eta hil osorako, epe luzerako edo iraupen jakineko kontratu bidez alokatutako materialerako izan ezik.
Halere, errentariak materialaren zaintza juridikoa izaten jarraituko du eta 10. artikuluak dioenarekin bat bete beharko du zaintza hori.
16. ARTIKULUA: BERME GORDAILUA.
16-1: Izenpetutako kontratuaren ondorioz errentariak bere gain hartutako betebeharrak beteko dituela berme gisa, kontratua izenpetzen den unean, diru bat edo abal bat jarriko du fidantza gisa, baldintza partikularretan kontrakorik ezarri ezean. Fidantza hori, alokatutako materialaren balioaren eta alokatzeak dakartzan gastu guztien arabera (muntaketa eta desmuntaketa, kasuan kasu, asegurua, arriskuak, erantzukizunak eta gainerakoak, ordaindu gabe alokairua bera ere barne), bai eta alokairua ez ordaintzeak ekar ditzakeen ondorioen, interesen eta arrisku mota guztien kalkulutik ateratzen direnak ere.
16-2: Bermea, alokairu osoa eta kontratuan ezarritako beste kontzeptuak ordaindu eta hurrengo hilabetean itzuliko zaio errentariari, edo, bestela, ezarritako zorra kitatzeaz bat likidatuko da.
17. ARTIKULUA: KONTRATUA HAUSTEA.
17-1: IRAUPEN JAKINEKO KONTRATUTA.
17-1-1: Errentatzaileak haustea.
17-1-1-1: Baldintza hauetako 2, 5-1 eta 14 artikuluetan aurreikusitako klausulek diotena betetzen ez bada, iraupen jakineko alokairu kontratua hautsita geldituko da, errentatzailearen iritziz. Kontratua benetan hautsita geldituko da errekerimendu gisa errentariari jaso izanaren agiriaz bidaliko zaion gutun ziurtatua bidali eta hurrengo zortzi egunak igaro ondoren.
Kasu horretan, errentariak materiala itzuli beharko du edo errentatzaileak materiala har dezala ahalbidetzea. 13. artikuluak dioenaren ondoriozko betebeharrak osorik aplikatuko dira.
17-1-1-2: Kontratua indarrean dagoen bitartean edo bere indarraldia amaitu ondoren materiala aurkeztu edo itzultzen ez bada, errentatzaileak materiala dagoen tokiari dagokion epailearen aurrera eraman dezake errentaria, alokatutako materiala berehala itzultzeko agindu diezaion.
Artikulu honen ondorioz, alokairu kontratua ezarritako eguna baino lehen hausten bada, errentatzaileak kalte ordaina eskatu ahal izango dio errentariari. Kalte ordaina, ordaintzeke dagoen alokairu prezioaren erdia izango dena, gehienez bi hilabetetan ordainduko da, materiala itzultzen denetik hasita.
17-1-2: Errentariak haustea.
17-1-2-1: Baldintza hauetako 9. artikulua alde batera utzita, edozein arrazoi dela eta, alokairu kontratua hausten bada, errentariak hasieran alokairuaren benetako iraupenaren arabera aplikatutako alokairu tarifak berrikustea onartuko du. Hori egin ezean, errentatzaileak ordaintzeke dagoen alokairuaren prezioaren erdia eskuratuko du kalte ordain gisa, gehienez bi hilabeteko epean.
17-1-2-2: Alokatutako material bereziari dagokionez, ordaindu beharreko kalte ordaina baldintza partikularretan jasota egongo da.
17-2: IRAUPEN ZEHAZTUGABEKO KONTRATUTA.
17-2-1: Errentatzaileak haustea.
17-2-1-1: Baldintza hauetako 2, 5-1 eta 14 artikuluetan aurreikusitako klausulek diotena betetzen ez bada, errentatzaileak iraupen zehaztugabeko alokairu kontratua hautsi dezake, errekerimendu gisa errentariari jaso izanaren agiriaz bidaliko zaion gutun ziurtatua bidali eta hurrengo zortzi egunak igaro ondoren. Kasu horretan, errentatzaileak bi hilabeteko alokairuaren prezioa eskatu dezake kalte ordain gisa, behin materiala jasota.
17-2-2: Errentariak haustea.
Baldintza hauetako 4. artikuluan datorrena.
Kontratu guztiak banaezinak direnez, nahikoa da horietako bat haustea beste guztiak ere zuzenbide osoz hausteko, errentatzaileak hala egiteari egoki baderitzo.
18. ARTIKULUA: ERRENTATZAILEAREN EBIKZIOA.
18-1: Errentariak alokatutako materiala errentan duen eraikin batean gordetzen badu, eraikinaren jabeari jakinarazi beharko dio idatziz, hartu agiria duen gutun ziurtatu baten bitartez. Gutunean, materialari buruzko zehaztapen guztiak emango dizkio, bai eta errentatzailearen edo materialaren jabearen identitatea ere, eta jakinaraziko dio alokatutako material hori ezin izango dela berme gisa erabili.
Errentariak gutun horren kopia bat eman beharko dio materialaren errentatzaileari.
18-2: Errentariak debekatuta dauka alokatutako materiala uztea, bahian eman edo pignoratzea, berriz alokatzea, edo mailegatzea edo beste modu batean erabiltzea, aurretik errentatzaileak horrekin ados dagoela idatziz adierazten ez badu.
18-3: Hirugarren batek material hori bere eskubideez baliatzeko erabili nahi badu, hau da errebindikaziorako, aurka egiteko edo bahiketarako erabili nahi badu, errentariak errentatzaileari jakinarazi beharko dio berehala.
18-4: Errentariak ezin izango du alokatutako materialean finko jarrita dauden plakak eta plaka horietan agertzen diren inskripzioak kendu, ez eta aldatu ere. Errentariak ezin izango du inolako markarik edo inskripziorik egin alokatutako materialean err